Kate trofikoa edo elika-katea
2003/02/19 Elhuyar
Bizidunak
elikaduraren ikuspuntutik duten erlazioaren arabera sailka daitezke.
Sailkapen horretan bakoitzak bere maila du, baina maila horiek bata
besteari lotuta daude segida bat osatuz, katea bat bailitzan. Horregatik
erabiltzen da katearen konparazioa.
Elika-katearen
oinarrizko mailetan elikagaien oinarrizko ekoizleak daude, hau da,
eguzkiaren energiaz baliatzen direnak bizitzeko. Landareak izaten dira
horiek.
Oinarrizko maila
horietan dauden bizidunak hurrengo mailetako bizidunen elikagaia dira.
Herbiboroenak, hain zuzen ere. Katearen hurrengo mailetan, ordea,
herbiboroez elikatzen diren harrapariak daude. Harraparien ondoren,
horien hilotzez elikatzen diren sarraskijaleak agertzen dira.
Sarraskijaleok herbiboroen hilotzak ere jaten dituzte, harraparien
hilotzez gain. Azkenik, hurrengo kate-mailetan edo aurrekoetatik
ateratako zeharkako adarretan, hildako edozein bizidun deskonposatzen
duten onddo eta mikroorganismo detritiboroak agertzen dira. Eta,
horrela, bizidunen mineralak lurrera itzultzen dira, berriz ere.
Gainera,
katearen beste adar batean uretako landare eta algak leudeke oinarrizko
mailetan. Landare horiek arrain eta bestelako bizidunek jaten dituzte
eta horiek, era berean, harraparien elikagai dira. Azkenean, ‘uretako’
adar horretan ere sarraskijale eta mikroorganismo detritiboroak daude.
Ea irudiak ikusita (egin klik gainean) errazago ulertzen duzuen kate trofiko edo elika-katearena.
Dena
den, kontuan izan kate-maila bakoitzean bizidun-espezie asko dagoela
(herbiboro-espezie asko dago, harraparienak ere bai…) eta, modu batean
edo bestean, batak besteari eragiten diotela. Gainera, bizidun asko ez
da kate-maila bakarrean kokatzen, harrapari batzuk sarraskijale ere bai
baitira, adibidez.
Azkenik, esan
behar da elika-katean zeharkako adar ugari dagoela eta kateak bata
bestearekin lotu ere egiten direla; azken finean, sare trofikoa deitzen
zaiona osatzen dute.
|